XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PARISEKO AMESGAIZTOA Ni gauaz maiteminduta nago.

Beti maite izan dut eta beti maite izango dut.

Gizonek bihotz-bihotzez maite izaten dute beren aberria eta maitasun hori betirakoa izaten da.

Horrelaxe maite dut nik gaua.

Eta maitasun horretaz nire zentzumen guztiek gozatzen dute.

Esate baterako, ikusmenak iluntasunaz gozatzeko aukera ematen dit.

Entzumenak gaueko isiltasunaz gozatzeko aukera.

Usaimenari esker gauaren usain gozoak heltzen zaizkit eta ikumenaren bidez gauaren ikutu leunak sentitzen ditut azalean.

Nekatuta eta nazkatuta nago egunaz.

Itsusia eta zaratatsua iruditzen zait.

Goizean goiz ohetik jaiki, arropa edonola jantzi eta kalera presaka irten behar dudanean, egunari gorroto handia diodala konturatzen naiz.

Egun argiz, hitz bakoitza esan baino lehenago eta urrats bakoitza eman baino lehenago, birritan pentsatu behar dut zer egingo dudan eta erabakiak hartzea pisu astuna da niretzat.

Baina eguzkia berriz ezkutatzen denean, gorputz osoa pozez betetzen zait.